2010-03-02
Paul Bilbao izango da Kontseiluko idazkari nagusi berria

Xabier Mendiguren Bereziartuk, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua sortu zenetik Idazkari Nagusi izan denak, erretiroa hartuko du aurten. Bere ordez, Kontseiluko zuzendaritzak hala erabakita, Paul Bilbao izango da idazkari nagusi berria. Kontseiluko zuzendaritza-taldeak hartutako erabakia apirilaren 24an berretsi beharko dute bazkideek. Hartara, egun horretatik aurrera Paul Bilbaok hartuko du Xabier Mendigurenen ardura.

Paul Bilbao (Algorta, 1971) Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria da 2004tik gaur egunera arte; eta proiektu horretan sorreratik jardun izan du. Euskal Filologian lizentziaduna da Bilbao eta hizkuntza-plangintzan eta giza eskubideetan graduondokoak ditu.

Xabier Mendigurenen gidaritzapean, hamabi urte hauetan Kontseiluak euskalgintza batzea eta erreferentzia izatea lortu ditu. Urte hauetan, Kontseiluak eremu sozio-ekonomikoan lan egin du, baita administrazioekin elkarlana bultzatu ere. Hizkuntza-eskubideen sozializazioan egindako ekarpena ere handia izan da. Funtsean, euskararen normalizazioa bizi sozialaren eremu ezberdinetan zabaltzea eta aktibatzea lortu da.

Xabier Mendigurenek egindako lan eskerga aintzat hartuta eta oinarri sendoarekin hasiko da Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusi lanean.

  • Paul Bilbao izango da Kontseiluko idazkari nagusi berria
Babesleak
[+]
EUSKARAREN GIZARTE ERAKUNDEEN KONTSEILUA
Martin Ugalde Kultur Parkea - 20140 ANDOAIN (Gipuzkoa)
Tel. 943 591200 - Fax. 943 593051
kontseilua@kontseilua.org