ACPV (Acció Cultural del País Valencià) erakundeak zabaldu berri duenaren arabera, Hauteskunde Erroldaren Bulegoak idatziz jakinarazi dio Mugarik Gabeko Telebista Ekimen Legegile Herritarrak behar dituen 500.000 sinaduren kopurua gainditu duela.
Hauteskunde Erroldaren Bulegoak 650.650 sinadura jaso duela jakinarazi du. Horietatik 559.759 baliozkoak direla egiaztatu du; izan ere, milioi erdia gainditutakoan ez du sinaduren %100 egiaztatzen; eta 21.630 sinadura baliogabetu ditu. Ondorioz, %3,86ko errorea izan da. Hala ere, Hauteskunde Erroldaren Bulegoak jakinarazi duenez Ekimen Legegile Herritarretan %5 eta %10 arteko errorea izaten da.
Horrela, ACPV erakundeak hasieran jarritako helburua bete duela berretsi nahi izan du; eta honez gero, herritarren atxikimendua duen lege-proiektua errealitate bihurtzeko eta Espainiako Kongresuak onartzeko gestioak egiten hasi da.
Kontseiluak zorionak helarazi nahi izan dizkio ACPV erakundeari lortutako arrakastarengatik. Kontseiluko Idazkari Nagusiak azaldu bezala "hasieratik eman genion babesa kanpainari, Euskaltzaindiarekin eta Eusko Ikaskuntzarekin batera, geuri ere eragiten zigulako". Kontseiluko Idazkari Nagusiak gogoratu du "egun dugun Lege babes ezak, unean uneko arduradun politikoen borondatearen baitan uzten du euskarazko telebistak ikusteko eskubidea. Hori gertatzeko arrisku erreala dago Nafarroan. Itzalaldi analogikoaren ondorioz ETB, hau da, euskarazko telebista ikusteko aukera arriskuan egon daiteke. Nafarroako euskaldunak, gaur egungo egoerak, legediak, bere horretan mantentzen baldin badira, ez du euskarazko telebista ikusteko eskubidea bermatua izango, beti egongo da, azaldu dugun moduan aginte politikoan dagoenaren borondatearen baitan".
Azkenik, Bilbaok adierazi du sinadura-bilketan egin bezala, hemendik aurrera ere, Ekimen Legegilearen jarraipen zuzena egingo duela.