
"Euskararen telefonoa" Hizkuntz Eskubideen Behatokiak sortutako zerbitzua da. Hizkuntza-eskubideen urraketei konponbidea emateko tresna zuzen eta eraginkorra izan nahi duen zerbitzu hau, Euskal Herriko edozein herritarren eta elkarteren eskura dago.
Behatokiak, herritarrek helarazitako informazioarekin, egoeraren diagnosia egiten du urtero. Urteko txostenean biltzen ditu Behatokiak kasu hauek guztiak, hona hemen, euskara erabili nahi izanagatik herritarrek jasotako zenbait erantzun:
"Aquí se habla en español"
"Usted me ha entendido y no hace falta más"
"En español o no entras"
"Ici on parle en français!"
"Vous m’avez compris"
"En français sinon vous ne rentrez pas"
Behatokia Euskal Herriko herritarren hizkuntza-eskubideez arduratzen da eta eskubide horiek Euskal Herri osoan, arlo publikoan zein pribatuan, babestera zuzentzen du bere jarduera.
ZERGATIK SORTU ZUEN KONTSEILUAK BEHATOKIA?
Euskararen lurralde batzuetan hizkuntza-eskubideen bermean atzera-pausoak gertatzen zirela eta beste batzuetan behar bezalako aurrera-pausoak ematen ez zirela ohartu zen Kontseilua eta, beraz, egoeraren diagnosi objektiboa egingo zuen erakunde independente baten beharra zegoela ikusi zuen.
Behatokiaren egitekoak:
Euskal hiztunen hizkuntza-eskubideak babestu eta defendatu ez ezik urratzen direnean salatu ere egiten ditu.
Euskal Herrian euskaraz mintzatzeko, administrazioari zuzendu eta administraziotik zerbitzuak jasotzeko (osasuna, hezkuntza, justizia, informazioa edo beste edozein zerbitzu), bai eta orokorrean gizarteak eskaintzen dituen aukerak euskaraz baliatzeko euskal hiztunek dituzten eskubideak babestea du xede.
ZEIN DIRA BEHATOKIAREN LAN-ILDO NAGUSIAK?
Herritarren kexak hartzen ditu Euskal Herrian euskara erabiltzeko eskubidea ez bazaie errespetatu, ukatu bazaie edo euskaraz egiteagatik kaltetuak izan badira.
Kexak bideratu egiten ditu erakunde publiko zein pribatuen aurrean eta, beharrezkoa denean, bide judizialera jo ere egiten du.
Hizkuntza-eskubideen betetze-egoeraren azterketak eta txostenak egiten ditu eta horiek euskal gizarteari eta Euskal Herriko administrazio-erakundeei aurkezten dizkie.
Euskaldunen hizkuntza-eskubideen egoeraren berri ematen du nazioartean eta harreman zuzena du munduko hainbat erakunderekin: Europako Kontseilua, Nazio Batuen Erakundea…
Hizkuntza-eskubideen edukiak zabaltzen ditu eta bertako hizkuntza erabili eta gizarte-arlo guztietan garatzeko Euskal Herriko gizarteak duen eskubide gisa defendatzen ditu.
Hizkuntza-eskubideekiko kontzientziatzea eta sentiberatzea lantzen ditu.
Aldez aurreko lana egiten du eragin handiko tokietan euskararen presentzia soziala bermatzeko.
NAZIOARTEA
Behatokiaren lan-ildoetako bat gure mugetatik kanpo hizkuntza-eskubideen egoeraren berri ematea da. Halaber, egungo munduko errealitatea zen den kontuan hartuta, berebiziko garrantzia ematen dio gurea bezalako beste hizkuntza komunitateetan lan egiten duten erakundeekin lankidetzarako harremanak sustatzeari.
Behatokiak lau hilabetero aldizkari digitala argitaratzen du ingelesez: ‘Newsletter’ . Aldizkari horrek Behatokiari eta hizkuntza-eskubideen egoerari buruzko berriak jasotzen ditu eta bostehun erakunde zein norbanako baino gehiagori helarazten zaio.
Behatokiak hizkuntza-eskubideei buruzko nazioarteko hainbat biltzarretan parte hartu izan du sei urtetan. Horietarik gehienetan Euskal Herriko hizkuntza-eskubideen egoeraren berri eman izan du.
Nazioarteko biltzarretan ez ezik, Behatokiak euskaldunon hizkuntza-eskubideen urraketak nazioarteko instituzioetan ere aurkeztu izan ditu.
Era berean, Behatokiak hizkuntza-eskubideen eremua jorratzen duten nazioarteko beste hainbat erakunderekin lankidetza-harremanak finkatu izan ditu azken bost urteotan.
www.behatokia.org